Txoriak eta zoriak
Zorionak eman dizkio Gatzolak Asierri (ikus Gorringoak testuko komentarioak) txori-izenen bidez ezagutzeko zoria eta jakinduria izan duelako. Txoriburu ez baizik txori-liburu agertu zaizkigu biak, eta niri gauza bat ekarri didate gogora.
Berriz ere armiarma.com gunera jorik, hango Euskal poesiaren ataritik bertso ezagun batzuk hartu ditut, Pedro Mari Otañorenak. Jakinak izango dituzue, baina niri behintzat ez dit kalterik egiten berriz ikusteak. Bost bertsoko sailetik bigarrena eta hirugarrena dira.
Zer txoriri buruz ari da Otaño? Asmatzen ez duenak, edo bost bertsoak ikusi nahi dituenak, aipatutako orrira jo dezala, XIX. mendekoetara, eta hantxe aurkituko du erantzuna.
...
-2-
Euskal lurreko txorietan dan txikitxoena da bera,
gaztain kolore bakarrekoa, nahi bada ez da ederra;
begi argiak, buru xanpala, moko ttenttea aurrera,
gorputza motxa, hanka laburrak, xaltokako ibilera,
xalapartako hegalaria eta kantari ergela.
-3-
Txotx batek aisa jasoko luke nola karga gutxi duan,
baina gustatzen zaio jartzea adar sendoxeagoan;
amildu arren ez leike galdu dakielako hegoan,
baina arkitzen baldin bada ere burnizko aldamioan,
hiru-lau aldiz xanpatutzen du seguru ote dagoan.
...
"Hiru-lau aldiz xanpatzen du, seguru ote dagoen"... Guk errazago egiten dugu salto sarera, zenbaitetan behin ere aurrez xanpatu gabe...
Eta norbaitek ombu gainera salto egin nahi badu, Otañorenean du horretarako ere aukera. Polita sail hori ere.

Jozulin dijo
HABEk aspaldi argitaratu zituen euskaltegietan erabiltzeko kasete batzuen artean dago Bernardo Atxagak Euskadi Irratian emandako saio baten grabazioa, "Txantxangorria eta txepetxa" izenekoa. Bertan agertzen dira bertso horiek Josanton Artzek irakurrita. Ikaragarri ederra.
Hemen duzue irratsaio haren testua: http://www.erabili.com/zer_berri/galdezka/1071193011/1071193149
Bernardoren ahots marranta falta zaio, baina.
15 Junio 2005 | 08:04 PM